2012/05/17

Deba - Elorrio 2012-05-13


Ibilbide hau mendiz mendi bizikletaz egiteko ideia Cesarrek hartu zuen internetetik, Berrizko Ismael Lejarretak eta beste batzuk eginda zutelako eta, trackak wikiloc-en zintzilikatuta. Ibilbideak  paraje politak zeharkatzen ditu eta gainera, kasu askotan, pistak hartu beharrean bidezidor nahiko teknikoak ditu.
5 lagun, Elorriotik goizeko 7:15etan abitu ginen bizikletaz Berrizera, han 7:45ean trena hartzeko. Pertsonako 2,20 € ordainduta treneko lehen bagoian sartu ginen. Han bizikletak non utzi ez bazegoen ere, jenderik ez zebilenez, arazorik gabe egin genuen bidaia.
50 minutuko bidaiaren ondoren Debara heldu ginen eta hondartza kontratik abiatu ginen. Ibilbidearen lehen zatiak kostako Donejakuen bidea, “Camino de Santiago” delakoa da, horregatik nahiko jende zebilen goiz izan arren (batez ere atzerritarrak). Hasierako igoera gogorra eta nahiko teknikoa, Mutriku gainean dagoen Kalbariora heldu arte.  Ondoren Olatz  auzora eta gero Donejakuen bidea alde batera utzita San Miguel portura heldu ginen. Bidearen beste aldean igoera gogor bat hasten da Kalamuako lepora. Hemendik merezi du ahalegin bat egitea eta belar aldapa batetik  Kalamuako tontorrera heltzea (769 m.). Lepora leku beretik jaitsi eta ibilbidea jarraituz Usartzara (Ixuara) heldu ginen, eta ondoren Urko mendi magaletik, bidezidor polit bat jarraituz Trabakua gainera. Hemen, mendiz Elorriora egiteko aukera genuen: Plantxetara (Areitio), San Romaneko pistatik Poxpolinerara eta bertatik aldapera jaistea. Baina azkenean, ordua kontutan izanik Berrizkoak egin zutena egin genuen guk ere; Trabakua bidez jaitsi Berrizera heltzeko. Gero bidez ere Miota gainetik Elorriora.
Guztira 52km egin genituen, bizikletan, martxan, 4 bat ordu eta desnibel positiboa 1449 m., Kalamuara igoera zenbatu gabe.

Irteerako argazkiak ikusteko edo deskargatzeko klikatu hemen